XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orobat, Gipuzkoako Herri Onurako Mendien Katalogoa erregulatzen da eta bereziki aipatzen dira mugaketak egiteko eta mugarriak jartzeko prozedurak, mendiek dituzten kargak eta mendiak instalazio, obra edo zerbitzuetarako hartzeko baldintzak.

Mendiak ustiatzeko eta erabiltzeko arauak jartzerakoan aintzakotzat jotzen da mendiak ondasun naturalak direla eta oinarri gisa iraungarritasuna, ustiaketa eramangarria eta probetxurik haundiena; hartzen dira; hartara, bateragarria da mendiaz arrazoiz baliatzea eta izadia egoki artatzea.

Orobat, naturagune babestuetan dauden mendiei buruzko arauak eta neurriak.

III. idazpurua, berriz, mendien artapen, defentsa eta babesari buruzkoa da.

Bertan ezartzen den xedea da basoen luze-zabala eta aniztasuna oso-osorik mantendu behar direla, mendiek dituzten babes, ekoizpen eta gizarte eginkizunak zaintzeko.

Mendiko alde eta eremuen xedea eta erabilera aldatzeko urratsak zehazten ditu idazpuru horrek, bai eta hirigintzaren ihardunean mendiei dagokienez kontuan hartu beharreko neurriak ere.

Bestalde, ur-basoak zaindu beharra aipatzen da.

Hala, basolurrak eta uharreen buruak artatu behar direla agintzen da, ur emariak erregularizatzeko eta, hartara, urtegiak eta komunikabideak babesteko.

Basoetako izurrite eta gaitzen gaia ere aztertzen du idazpuru horrek.

Gaitzak antzeman, aurrea hartu, zabaldutako lekuak jakin eta aztertzeko neurriak ematen ditu eta, halaber, basoen kutsadura zaintzeko eta kontrolatzeko egin beharrekoa arautzen du.

Baso suteei dagokienez, behar diren eremuak arriskugunetzat joko direla esaten da eta suteei aurrea hartzeko eta suteak itzaltzeko moduak arautzen dira, suteak eragozteko administrazioak, titularrek, kontzesiodunek eta partikularrek, norbere eskumenen eta ihardueren barruan, hartu behar dituzten neurriak ezartzen dira.

IV. idazpuruan, herri mendien nahiz pribatuen berbasotzea eta hobekuntza, naturala nahiz artifiziala, arautzen dira.

Neurriotan, lurzorua, landareen eta animalien aniztasuna eta ur baliapideak artatzea zaintzen da.

Orobat, basoen ata finka mugakideen artean gorde beharreko distantziak zehazten dira bertan, batzuk besteen eragozkarri izan ez daitezen saiatuta.

Herri mendietan lortutako produktuen izaera eta balioa kontuan hartuta, basoak berritzeko lanetarako Foru Aldundiak ehuneko berrogeita hamarretik ehuneko ehunera bitartekoa finantzatuko duela ezartzen da, eta partikularren mendietan basoa sustatzeko neurriak aipatzen dira.

V. idazpurua baso plangintzari buruzkoa da eta Antolamendu Proiektuak eta Kudeaketako Plan Teknikoak izendatzen ditu plangintzarako bitarteko.

Antolamendu proiektuak xede dasokratiko orokorrekoak edo mugatukoak izan daitezke.

Eta plan teknikoak, berriz, leku jakin batean basogintza kudeatzeko jarraipideen agiriak dira; derrigorrezkoak dira herri jabariko mendietarako, baina partikularren mendietara zabaltzeko asmoa adierazten da.

VI. idazpuruan alor honetako zigorren arauak ematen dira.

Arau horiek legeria arruntaren argitan zehazten dira eta, hala, urraketa mota guzti-guztiak zehazten dira sistematikoki.

Urraketak sailkatzeko sistema emaitzaren araberakoa da eta, hortaz, sortutako kaltea konpontzeko kostuaren multiploez bereizten ditu zigorrak, hartara urraketak ingurunean eta ingurunearen herri eginkizunean izandako eraginarekin bat etor daitezen.